Lea Artibai ikastetxeak bere ingurunearen agente garatzaile iraunkorra izan nahi du eta horretarako bezeroei ondorengo zerbitzuak eskaintzen dizkie:
Pertsonen garapena ziurtatu, laneratzea bideratu eta enpresen lehiakortasunean eragiteko, etengabeko berrikuntza eta bezero orientazioa daude Lea Artibai Ikastetxearen jardunaren oinarrian, eta kooperatiba izanik, partaidetza eta pertsonen garapena bultzatzen ditu.
Izaera berritzailea duen erakundea izan nahi du Lea Artibai Ikastetxeak, berrikuntza ikastetxeko aktibitate eta arlo guztietan egunerokotasunean txertatuta duena, trebakuntza arloan zerbitzu integrala eskaintzen duena, enpresa ehunarekin duen harremanaren ondorioz laneratze kualitatiboan %80ko tasa lortzen duena eta eskualdean eta eskualdez kanpo ikastetxe erreferente izatea asmoa duena, bere izaera definitzen duen eredu propioa bultzatuz, bideragarritasuna etengabe bilatuz, besteak beste nazioartekotzea eta merkatu berrien bilaketaz, eta hau guztiau lan talde egonkor, gaitu eta motibatu baten bidez.
Lea Artibai Ikastetxearen hastapenak Uriarte-Esperanza familiak bultzatu eta Bilboko Gotzaitegiak 1950ean sortu zuten Parrokiko Eskolan kokatzen dira. 1974an Caja Laboralak, Markina eta inguruneko analisia eta garapenerako aurreikuspenak jasotzen zituen lan monografikoa argitaratu zuen eta bertan jasotako datuen arabera, eskualdea behea jota ikus zitekeen eta eskualdearen garapen plana definitu eta aurrera ateratzea ezinbestekotzat jo zen.
Lea-Artibai eskualdeko udalak, Bilboko Gotzaitegia eta Mondragon Kooperatiba Taldea Lanbide Heziketan Bigarren Mailako ikasketak sustatzeko elkarrekin lanean aritu ziren, eta horren ondorioz, Lea Artibai Kooperatibak ordura artekoa baino maila handiagoko ikasketak eskaintzeko ardura bere gain hartu zuen. Horrela, 1976an, Gotzaitegiak erabaki zuen, aurrerantzean, eskolaren etorkizuna Kooperatibaren esku uztea eta urte berean martxoaren 6an Lea Artibai Irakaskuntzarako Kooperatiba Elkartea osatu zen, bere kokalekua Xemein etorbideko 19an, Patrokua etxean bilatu zuelarik. 1980. urtetik aurrera, ostera, Lea Artibai Ikastetxea gaur egunean eraikin nagusia deritzogun eraikinean kokatzen da.
Lea Artibai Irakaskuntzarako Kooperatiba garapenerako elkarte gisa sortu zen, industriari erabat lotuta, eskualdeko giza-emakumeak kulturaz eta lanbide ezberdinetarako gaitasunez jazteko asmoarekin, beti ere, eskualdeko garapen industrialak eskatzen zuenari erantzunez.
Sorrerako garai horietatik gaur egunera, hainbat aldaketa izan dira Lea Artibai Ikastetxearen eskaintzan eta hazkunde nabarmena izan du eskolak. Lanbide Heziketako ikasketak bere oinarri izan eta badira ere, 84-85 ikasturtean REM mailako ikasketak barneratu zituen bere eskaintzan eta 90. hamarkadaren hasieratik lanbide heziketako hirugarren mailako moduluak ematen hasi zen, eta baita ere INEMekin lankidetzan ikastaro okupazionalak. Hamarkada horretan hasi zen halaber Lea Artibai Ikastetxea Arrasateko Eskola Politeknikoarekin batera Markina-Xemeinen ingeniaritza ikasketak ematen.
Eskualdearen planifikazio estrategikoan oinarrituz Ikastetxeak turismoa, fundizioa, polimeroak eta elikagaien arloan ikasketak eskaintzeko erabakia hartu zuen. 1996-97 urtean hasi zen North Londoneko Unibertsitatearekin batera Polimeroen ingeniaritza eskaintzen eta baita turismoa eta elikagaien arloko prestakuntza zikloak. Elikagaien eta polimeroen arloek bilakaera nabarmena izan zuten, formakuntza arloan ezezik enpresentzat zerbitzu teknikoak eskaintzera eta gaur egun ZTBESko (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea) kide den Leartiker Koop. Elkartea eta zentro teknologikoa denaren sorreraraino (2015. urtea).
Eskaintzetan ezeik, bere eraikinetan ere hazkunde handia izan du Ikastetxean. 1996 urtean Nazioarteko Harremanetarako izendatu zen proiektuaren baitan ikasleentzat egotetxea eta jantoki berria eraiki ziren, eta baita Hotza eta Elikagaien erainika izendatu zena ere, azken hau gaur egun Lea Artibai Ikastetxearen elikagaien arloko zikloaren eta Leartiker Elikagaiak espezializazioaren egoitza dena.
1999. urtean Lea Artibai Ikastetxea, Okamikako Industrialdea, Lea Ibarreko Mankomunitatea eta Markina-Xemeingo Udalaren ekimenez sortu zen Azaro Fundazioa eskualdean ekintzailetasuna bultzatzen laguntzeko eta 2010. urtean Berrikuntza Gunea deritzon eraikin berria egin zen bertan ikerkuntza eta ekintzailetasuna lantzeko.
Gaur egun Lea Artibai Ikastetxeak, Azaro Fundazioak eta Leartikerrek eskualdearekin zuzen zuzenean lotutako helburuak elkarlanean lantzen dituzte ondoko erronkei erantzuteko Esperanza 2020 deritzogun proiektuan: