Hezkuntzak, garapen ekonomikoak eta kooperatibismoak bat egin zuten Markina-Xemeinen, Lea Artibai Ikastetxearen eta Leartibai Fundazioaren urteurrenen ospakizunean

2026-06-22

120 lagun inguru bildu ziren ospakizunean, tartean Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatua eta Pello Rodriguez Mondragon Korporazioko presidentea. Haiekin batera izan ziren Noelia Barruetabeña Lea Artibai Ikastetxeko zuzendaria, Ainhoa Arrizubieta Leartibai Fundazioko zuzendaria, eskualdeko udal ordezkariak, enpresetako kideak eta hainbat eragile sozial eta ekonomikoren ordezkariak. Ekitaldi instituzionalari hasiera eman aurretik, gonbidatuek Lea Artibai Ikastetxearen eta Leartibai Fundazioaren instalazioak ezagutzeko aukera izan zuten.

Azken hamarkadetan, Lea Artibai Ikastetxeak eta Leartibai Fundazioak eskualdeko garapen sozial eta ekonomikoaren ekosistema eraikitzen eta indartzen lagundu dute. Hezkuntzaren bidez bertako kultura eta bizikidetzaren balioak transmititu dituzte, talentua garatu dute eta pertsonen laneratzea sustatu dute, Lea-Artibai eskualdearen garapenean erreferente bihurtuz. Zentzu horretan, ekainaren 15eko topaketa memoria eta oraina, tradizioa eta berrikuntza, hezkuntza eta lankidetza aldarrikatzeko une berezia izan zen, bi erakundeek azken hamarkadetan eskualdearen garapenaren alde egin duten zubigile lana aitortuz.

Ekitaldian hitza hartu zuten ordezkari guztiek nabarmendu zuten bi erakundeek orain arte egindako ekarpena eta etorkizuna eraikitzeko egiten ari diren lana.

Noelia Barruetabeña Lea Artibai Ikastetxeko zuzendariaren hitzetan, «duela 50 urteko ikaskuntza-planak eta gaur egungoak oso desberdinak dira, eta ziurrenik gaur diseinatzen ari garenak ere ez dira hemendik 20 edo 30 urtera diseinatuko direnak». Horren aurrean, hezkuntzak aldaketa ulertu, aurreikusi eta egoera berrietara egokitzeko gai izango diren pertsonak prestatu behar dituela azpimarratu zuen. Era berean, Lea Artibai Ikastetxea hezkuntza-zentro bat baino gehiago dela adierazi zuen, pertsonentzako aukerak sortzen eta etorkizunerako bideak zabaltzen dituen zubigile gisa definituz.

Ainhoa Arrizubieta Leartibai Fundazioko zuzendariak azaldu zuenez, urtero 100 enpresa baino gehiagorekin egiten dute lan lehiakortasuna hobetzeko proiektuetan, industria-enpresekin, turismo sektorekoekin eta merkatariekin, besteak beste. Lurraldearen ezagutza eta administrazio publikoaren laguntza-ekosistemaren ezagutza fundazioaren balio erantsi nagusietakoak direla nabarmendu zuen, eta industria-jardueraren eraldaketaren aurrean, eskualdearen ezaugarrietan oinarritutako garapen eredua sustatzeko beharra azpimarratu zuen.

Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatuak esanahi berezia eman zion ekitaldiari, Azaro Fundazioaren sortzaile eta sustatzaileetako bat izan baitzen bere ibilbide profesionalean. Bere hitzetan, ospakizunak bi urteurren baino gehiago irudikatzen ditu: «eskualde batekiko konpromisoa ulertzeko modu bat, lankidetzaren, ikuspegiaren eta aurrea hartzeko gaitasunaren historia kolektibo bat, etorkizuna eraikitzeko borondatea».

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak ekitaldia hunkigarria izan zela adierazi zuen eta bi erakundeen arteko sinergia estua nabarmendu zuen. Belaunaldi desberdinetako pertsonen ekarpenak eta ametsak gaur egungo errealitatearen oinarri direla azaldu zuen, Lea-Artibai eraldaketa sozialaren eta lehiakortasunaren alde lanean jarraitzen duen eskualdea dela gogoraraziz.

Pello Rodriguez Mondragon Korporazioko presidenteak, bere aldetik, kooperatibismoaren balioak azpimarratu zituen, hala nola zubigintza, lankidetza eta elkartasuna, gizarte kohesionatu, berdinzale, berritzaile eta anitza eraikitzeko ezinbesteko elementu gisa.

Ekitaldiaren hasieran, Jon Altuna Lea Artibai Ikastetxeko presidenteak bi erakundeen izenean hartu zuen hitza. Egindako ibilbidea komunitate oso baten lorpena dela azpimarratu zuen, eta lankide, eragile eta instituzioei eskerrak eman ostean, bailara honen etorkizuna eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen.

Topaketan zehar une hunkigarriak ere bizi izan ziren. Hitzaldiez gain, hainbat testigantza entzun ahal izan ziren ikus-entzunezkoen bidez, bi erakundeen historia irudikatu eta etorkizunari begirako desio-mezuak partekatzeko aukera eskainiz. Jardunaldia BIREN musika taldeak bertsionatutako Sinfonia Kooperatiboa piezarekin hasi zen, eta amaieran Ane eta Nora Agirre ahizpek, Lea Artibai Ikastetxeko ikasle ohiek, bertso bidez agurtu zituzten bertaratutakoak eta bi erakundeak, honako mezua utziz: «Garapen zubigile, ez dadila eten haria».

Argazkiak eta bideoak ikusteko egin klik.

Beste albisteak ikusi
COOKIEEN ERABILERA

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu erabiltzaileen esperientzia ahalik eta onena eskaintzeko.

Jarraitu aurretik, cookie horiekin zer egin erabaki behar duzu. Guztiak onar ditzakezu edo egiten duzun hautaketa gorde.

COOKIE PROPIOAK

Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookie teknikoak erabiltzen ditugu eta cookien ezarpenetarako eta aukeratutako hizkuntzarako zure lehentasunak gordetzen ditugu.

HIRUGARRENEN COOKIEAK

Hirugarrenen guneak erabiltzen ditugu nabigazioa aztertzeko eta txertatutako informazioa erakusteko. Aktibatu nahi dituzun aukerak.

Hirugarrenen cookieak ez onartzeak esan nahi du ez dizugula zenbait eduki erakutsiko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi: Pribatutasun politika