2026-03-06
Aurtengo edizioan Euskadiko 35 Lanbide Heziketako ikastetxek parte hartu dute, guztira 350 ikasle ingururekin. Horien artean, bost talderik onenak sailkatu ziren finalerako, eta tartean izan zen Lea-Artibai LHIIko “kalimotxo” taldea.
Finalean, parte-hartzaileek bi proba nagusi gainditu behar izan zituzten. Lehenengoan, zibersegurtasuneko gorabehera erreal baten analisia egin zuten, ikuspegi teknikoa zein antolaketakoa landuz. Bigarrenean, CTF (Capture The Flag) motako proba praktikoa burutu zuten, eraso eta defentsa modalitatean: talde bakoitzak bere azpiegitura digitala babestu behar izan zuen, beste taldeek egindako erasoak geldiarazten saiatuz, benetako lan-ingurune batean gertatzen diren egoeren antzera.
Lehiaketak, gainera, zibersegurtasunaren eta adimen artifizialaren inguruko hitzaldi eta saio teknikoak ere eskaini zituen, baita sektoreko hainbat enpresaren presentzia ere. Horrela, ikasleek profesionalekin harreman zuzena izateko eta sektorearen errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izan zuten.
Harro gaude gure ikasleek egindako lanarekin eta erakutsitako gaitasunarekin. Finalera iristea bera ere lorpen handia da, eta gure ikasleek zibersegurtasunaren arloan duten prestakuntza eta gaitasuna agerian uzten du.
Zorionak parte hartu duten ikasle guztiei!

