Elikagaien Xahuketaren inguruko jardunaldia

2023-12-18

Elikagaien Xahuketa izenpean jardunaldi espezializatua ospatu dugu, abenduaren 15ean, Leartiker zentro teknologikoa, Elika Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa eta Okin enpresarekin elkarlanean. Jardunaldiaren gai nagusiak lotura estua izan du eskaintzen dugun Elikagaien Industriako Prozesuak eta Kalitatea goi-mailako Lanbide Heziketako zikloarekin.

Txurdinaga, Zabalburu, Derioko Nekazaritza Eskola, Elgoibarko Meka eta Galdakaoko Ostalaritza Eskolako 130 ikasle inguru bildu dira Lea Artibai Ikastetxeko auditorioan, elikagaien industriako adituek emandako hitzaldiak entzuteko. Jardunaldia elikagaiak alferrik galtzeak dakarren arazoan oinarritu da, eta horri aurre egiteko aukerak eta ekimenak aurkeztea izan du helburu.

Elikagaien xahuketa mundu mailako arazo bihurtu da, eta gizartearentzako eta ingurumenarentzako ondorioa garrantzitsuak dakartza. Urtean milaka tona janari alferrik galtzen dira elikadura-kate osoan zehar, elikagaien ekoizpenetik hasi eta kontsumora arte. Horren ondorioz, milioika pertsona gosez bizi dira munduan eta galera ekonomikoak dakartza bai maila indibidualean, bai sozialean. Ingurumenari dagokionez, janaria isurtzeak berotegi-efektuko gasen emisioak eragiten ditu eta kutsadura ere areagotzen du.

Zorionez, gero eta kontzientzia handiagoa dago gai horri buruz eta asko dira aurre egiteko lanean ari diren pertsonak eta erakundeak. Horren adibide dira gaurko jardunaldian parte hartu duten 4 hizlariak: Antton Alza, Elika Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioko teknikaria; Iratxe Olazaran, Leartiker zentro teknologikoko Elikagaien diseinua espezializazioko ikerlaria; eta Goizane Lizarralde eta Natalia Urdampilleta Okin enpresako I+g arduraduna eta marketin arduraduna, hurrenez hurren.

Hitzaldiei hasiera eman aurretik, elikagaietako laborategiak eta planta pilotua bisitatu dituzte. Ikastetxeko Elikagaien Industria zikloko ikasleek eta Leartikerreko Elikagaien Teknologiako ikerlariek partekatzen dituzten instalazioak, hain zuzen.

Ondoren, bertaratuak eguneko gai nagusian murgildu dira Elika Fundazioko Antton Alzaren eskutik. Mundu mailan elikadura-xahuketak duen garrantziaz ohartarazteko, sortzen diren hondakin-kopuruaren datuak eta praktika horren ondorioak azaleratu ditu, bai ekonomikoak eta bai ingurumenarekin erlazionatutakoak. FAOren (Elikadura eta nekazaritzarako nazio batuen erakundea) arabera, munduan ekoizten diren elikagaien herena xahutzen da, eta gehiengoa, kontsumitzaileen ekintzen ondorioz; Alzaren hitzetan, xahuketa hori gainera, 2050. urterako handitu egingo da biztanleriaren hazkundea dela eta. Sentsibilizazioaren aldeko apustua egin du, "guztioi eragiten digun gai etiko eta ekonomiko honi aurre egiteko giltzarria da".

Iratxe Olazaranek, bere aldetik, CIRCULARFERM proiektua aurkeztu du, elikagaiak elaboratzeko hainbat prozesutan sortzen diren elikagai-hondakinen balioa handitzeko. Horrela, gazta egitetik eratorritako gatzura, sagardoa egiteko erabiltzen den sagarraren mamia eta arrain-bazterkinak erabilita, hiru hartzidura motarekin sortu dituzten produktuak aurkeztu ditu: graduazio alkoholiko txikiko edariak eta sukaldatzeko erabiltzen diren umami zaporeko arrain-saltsak eta pastak.

Azkenik, Goizane Lizarraldek eta Natalia Urdampilletak beren enpresan garatzen ari diren MIKOKIN proiektuaren xehetasunak erakutsi dituzte, bezeroak baztertutako produktu guztiaren % 40 berrerabili ahal izatea helburu duena. Horretarako, ogian mikoproteina inokulatzen dute, balio erantsi handiagoko produktu berri bat sortzeko. Produktu hori irinarekin nahasten dute ogi berriak egiteko, baztertutako produktua aprobetxatuz.

 

Jardunaldia amaitzeko, ekonomia zirkularretik eratorritako produktuen dastaketa bat eskaini da Es-Imperfect eta Okin enpresen eskutik. Alde batetik, Es-Imperfect enpresak, itxura-kanon perfektuak betetzen ez dituzten fruta eta barazkiekin, ekoitzitako marmelada eta landare jatorriko pateak dastatu dituzte. Enpresa horrek, elikagaien aprobetxamendua bultzatzeaz gain, pertsonak gizarteratzen laguntzen du. Bestalde, Okin enpresak mikoproteinarekin egindako ogi-tontorrak ere probatu dituzte.

 

Argazkiak ikusteko egin klik hemen

 

Beste albisteak ikusi
COOKIEEN ERABILERA

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu erabiltzaileen esperientzia ahalik eta onena eskaintzeko.

Jarraitu aurretik, cookie horiekin zer egin erabaki behar duzu. Guztiak onar ditzakezu edo egiten duzun hautaketa gorde.

COOKIE PROPIOAK

Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookie teknikoak erabiltzen ditugu eta cookien ezarpenetarako eta aukeratutako hizkuntzarako zure lehentasunak gordetzen ditugu.

HIRUGARRENEN COOKIEAK

Hirugarrenen guneak erabiltzen ditugu nabigazioa aztertzeko eta txertatutako informazioa erakusteko. Aktibatu nahi dituzun aukerak.

Hirugarrenen cookieak ez onartzeak esan nahi du ez dizugula zenbait eduki erakutsiko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi: Pribatutasun politika