2023-01-23
Lanbide Heziketako ikasleei zuzendutako proteina berriei buruzko jardunaldia antolatu dugu. Osasungarriak eta jasangarriak diren proteina iturri berriak mintzagai hartuta, ikastetxeko auditorioa bete dute gaur goizean Derio, Elgoibar, Txurdinaga, Leioa eta Galdakaoko hezkuntza zentruetatik bertaratu diren ehundik gora ikaslek.
Elikagaien sektoreak gero eta erronka handiagoak ditu kontsumitzaileen eskaerei aurre egiteko, eta herritarren kontsumo-beharrak ulertu eta dibertsifikazio-bide berriak bilatu nahian, zentro teknologikoak eta enpresa berritzaileak proteina-iturri berriekin lan egiten ari dira. Jardunaldi honetara parte hartu duten 3 hizlariak dira horren adibide, Markina-Xemeinen kokatutako Leartiker Zentro Teknologikoko PREST espezializazioko arduraduna, Lorena Zudaire, Zamudion kokatutako InsektLabel Biotech startup-eko Josu Oleaga eta Derion kokatutako Innomy Biotech startup-eko Francisco Kuhar.
Proteinak hainbat iturritatik lortu daitezke, eta, nahiz eta ohikoena haragia izan, gaurkoan “veggie” korrontearen gorakadaren ondorioz animalia-jatorrikoak ez diren proteina iturri jasangarri berrien inguruan aritu dira hizlariak: intsektuak eta landare-jatorriko proteinak, kasu. Auditorioa bete duten Dietetika, Sukaldaritza, Laborategi eta Nekazaritza alorreko Lanbide Heziketako zikloetako ikasleek interes handiz jarraitu dituzte ponenteen azalpenak, izan ere, beraien ikasketekin guztiz erlazionatuta dauden kontzeptuak landu dituzte.
Hitzaldien ostean, Lea Artibai Ikastetxeak eta Leartiker Elikagaien Teknologiak partekatzen dituzten instalazioetan zehar bisita egin dute bertaratuek. Laborategia eta elikagaien planta pilotuan zehar egin duten bisitan Leartiker bezalako zentro teknologiko batek erabiltzen dituen instalazio, erreminta eta gailu profesionalak bertatik bertara ikusteko aukera izan dute, esnekien, harakien, kontserben eta plater prestatuen guneetan.
Jardunaldiari amaiera ezin hobea emateko, intsektu- eta landare-irinez egindako snackak eta hestebete beganoak dastatzeko aukera izan dute.
Ekitaldiko argazkiak ikusteko egin klik hemen