castellano

Lea Artibai Ikastetxea
Bilatu
  Ongi etorri :: Berriak

Esne gordinarekin egindako gaztetan elikagaien segurtasunerako irizpideak ezarri dira SEGAZ ikerketa-proiektuaren baitan

2020/10/13

SEGAZ funtsezko ikerketa-proiektua aurrera eraman duen lantaldea, Eusko Jaurlaritzaren I+G+Brako laguntzen deialdiaren barruan diruz lagundutakoa, honako erakunde hauek osatu dute: LEARTIKER S.COOP., Idiazabal Jatorri Deitura Babestua, Artzai Gazta Elkartea eta ALVO (ILL Lekunberriko Esnekari Erakundea). Era berean, proiektuan zehar ELIKA, Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioaren aholkularitza eta laguntza izan dute.

 

Esne gordinarekin egindako gaztetan elikagaien segurtasunerako irizpide mikrobiologikoak ezartzeko azterketa esperimental bat egitea izan da SEGAZ proiektuaren helburu nagusia. Ikerketa hau egiteko arrazoiak bi izan dira: alde batetik, azken bi urteetan zehar, hainbat osasun-alerta egon dira, Listeria monocytogenes eta Enterotoxina estafilokozikoez kutsatutako gaztak kontsumitzeagatik. Gertakari horiek, erreferentzia zientifiko baliodunen falta agerian uzteaz gain, zalantzan jarri dituzte duela urte batzuk Eusko Jaurlaritzako hainbat erakunderen artean adostutako irizpide mikrobiologiko jakin batzuk, esne gordinarekin egindako gazta onduetarako AKPKA sisteman oinarritutako kalitate-autokontroleko planak diseinatzeko eta idazteko orduan erreferentzia moduan hartzeko.

 

Bestalde, erabateko hutsunea dago elikagaien segurtasunerako irizpideak ezartzeko gazta onduak ez diren beste gazta mota batzuk egitean. 60 egunetik beherako ontzea duten gaztak dira (koagulazio laktikoko gaztak eta pasta bigunak, adibidez), baita 60 egunetik gorako ontzea izan arren, bere prozesua gazta ondua egiteko prozesuaren guztiz desberdina dutenak ere; adibidez, ardi-esne gordinarekin egindako gazta urdina. Euskal Autonomia Erkidegoan ez da gazta-tipologia hori egin tradizionalki, baina goranzko joera du, eta gero eta gaztandegi artisau gehiago dira, hainbat gazta mota eginez, produktuen dibertsifikazio-mailan urratsak egiten ari direnak.

 

Beraz, proiektuaren helburuak hauek izan dira: sektoreko eragileen artean erreferentziazko parametro mikrobiologikoak ezartzea, produktu bakoitzarentzako bizitza baliagarriaren azterketak egitea eta fabrikazioko jardunbide egokien protokolo bat sortzea, esne gordinarekin egindako gaztetan bakterio patogenoak egoteko arriskua murrizteko.


FaceBook Twitter YouTube Flickr Instagram LinkedIn RSS 

 

LAI 360



Lea Artibai Ikastetxea     Xemein Etorbidea, 19    48270 Markina-Xemein (Bizkaia)
tfnoa: +34 946169002    faxa: +34 946169160    emaila: info@leartik.com

web-mapa| pribatutasuna| RSS