castellano

Lea Artibai Ikastetxea
Bilatu
  Ongi etorri :: Berriak

Leartiker eta Azaro Fundazioak CIRCULARSEAS europar proiektuaren aurkezpen ofiziala egin dute

2020/03/05

Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoak eta Azaro Fundazioa Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentroak CIRCULARSEAS europar proiektuaren aurkezpen ofiziala egin zuten otsailaren 27an, Ondarroako Kofradia Zaharrean. 2019ko apirilean martxan jarri eta 3 urteko iraupena duen proiektu honen helburua itsas sektorearen hondakin plastikoen berrerabilerara begirako estrategiak aurkitzea da.

 

Interreg Atlantic Area programarekin batera Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) bitartez finantzatutako proiektu honek, Leartiker, Leartibai Garapen Agentzia, Azaro Fundazioa eta Lea Artibai Ikastetxeak eskualdearen ekonomia garapenerako duela 6 urte zehaztutako, Lea-Artibai 2020 estrategian du oinarria, arrantzaren sektorea eta Ekonomia Zirkularra bateratzeko beharrizanean, hain zuzen ere.

 

Jardunaldia Leartiker eta Azaro Fundazioko arduradunek gidatu zuten, Leartiker proiektuaren liderra eta Azaro Fundazioa Ondarroako Nodoaren arduraduna baitira, eta bi zatitan banatuta egon zen. Hasteko, Circularseas proiektuaren aurkezpen ofiziala egin zen eta ondoren proiektuaren lehenbiziko workshop-a  edo lurralde-tailerra.

 

Ekitaldian Ondarroako Nodoaren ordezkariak (arrantza-sektoreko enpresak) eta bertako alkatea, Zunbeltz Bedialauneta, egon ziren. Horiez gain, Leandro Azkue, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Saileko Zuzendariak eta Isabel Goyena García-Tuñón, Cicloplast enpresako Zuzendari Nagusiak ere parte hartu zuten.

 

Azkuek arrantza sektoreari zuzendutako finantzaketa lerroak izan zituen hizpide bere hitzaldian. “Laguntza hauen onuradunak ez dira arrantzaleak soilik, baita zientzia- eta teknologia- erakunde publikoak, arrantzaleen elkarteak, kontsultarako batzordeak eta arrantzaleen erakundeekin lotutako ONGak ere, denok sortzen baititugu hondakin horiek”, azaldu zuen.

 

Isabel Goyena Garcia-Tuñón bere aldetik, plastikoaren erronkak eta aukerak Ekonomia Zirkularrarekin lotu zituen eta birziklatzeari buruzko datu interesgarriak partekatu zituen. “10 urteko epealdian birziklatze tasaren % 100eko hazkundea izango dugu, zabortegietara ez da hondakinik eramango, % 60-70 birziklatuko da eta gainerako % 30-40a balorizazio energetikora bideratuko da” azaldu zuen.

Leartikerreko Jon Anakabek (3D-inprimaketa arloko ikertzailea), berriz, 3D-inprimaketaren oinarriak azaldu zituen, proiektuaren ildoetako bat arrantza-sektoreko enpresei bideratutako produktu edo pieza jasangarriagoak sortzea baita, 3D printing teknologiaren bitartez. Anakaberen hitzetan “teknologia horrek hainbat abantaila eskaintzen ditu: ekoizpen-kostu iraunkorra; diseinu aldetik aukera gehiago eta hobeagoak; eta bakarrik beharrezkoa den materiala erabiltzea, besteak beste”.

Proiektuaren hurrengo pausuei dagokienez, martxoan, bilera tekniko bat ospatuko da Portugalen; apirilean, 6 nodoetan burututako diagnosiaren emaitzak argitaratuko dira; eta maiatzaren 14an, bigarren eta hirugarren lan-bilerak ospatuko dira sektoreko enpresekin Lea-Artibai Berrikuntza Gunean, Markina-Xemeinen.

 

ONDARROAKO NODOA

 

Leartikerreko 3D-inprimaketa eta biopolimeroen arloko arduraduna eta Circularseas proiektuan buru-belarri lanean ari den Alex Arrillagak proiektu hau itsas sektorean sortutako hondakin plastikoen kudeaketarako estrategiak bilatzeko beharrizanetik sortu zela esan zuen, “hondakin horiei balioa eman eta 3D teknologiaren bitartez arrantzaren sektoreari bideratutako mota ezberdinetako piezak sortu, itsas industrian erabiltzen den material plastikoaren zikloa itxi ahal izateko”. Proiektuaren beste ildo bat produktu eta pieza jasangarriagoen garapena sustatzea ere badela aipatu zuen Arrillagak bere hitzaldian.

 

Horretarako, 6 nodo zehaztu dira, proiektuko kide bakoitzak berea duelarik: Ondarroa (Bizkaia), Vigo (Galizia), La Rochelle (Frantzia), Cork (Irlanda), Plymouth (Britainia Handia) eta Peniche (Portugal).

 

Ondarroako Nodoarekin lanean ari den, Maria Txakartegi, Azaro Fundazioko Berrikuntza Teknikariak, Ondarroako portuko ordezkariekin aurrera eramandako lanen berri eman zuen:

 

 

 

Esaterako, 2019. urtean, Ondarroako portuan 20 tona sare hondakin sortu ziren, eta 12.000 plastikozko kaxa inguru bueltatu ziren kofradiatik hornitzaileengana, beraien balio-bizitza bukatutzat eman ondoren.

 

LANERAKO PREST

 

2022an bukatuko den proiektu hasiberri honetan lan asko eta interesgarria egingo dutela uste dute arduradunek. Egun bogan dagoen birziklatzea bezalako gai bat Lea-Artibai eskualdeari nortasuna ematen dion itsasoa eta arrantzarekin lotu eta munduari bizileku hobeago bat eskaintzeko aukera izango dute. Erronka handia da, baina pozik eta gogotsu daude ibilbideari ekiteko.

 

 


FaceBook Twitter YouTube Flickr Instagram LinkedIn RSS 

 

LAI 360



Lea Artibai Ikastetxea     Xemein Etorbidea, 19    48270 Markina-Xemein (Bizkaia)
tfnoa: +34 946169002    faxa: +34 946169160    emaila: info@leartik.com

web-mapa| pribatutasuna| RSS