2025-10-22
Jardunaldia urtero egiten da Ulibarri proiektuaren baitan, eta EAEko ikastetxeetako ordezkariak biltzen dira, hala administrazioaren jabetzakoetakoak nola Ikastola Elkartekoetakoak, Kristau Eskoletakoak eta bestelakoetakoak. Helburua, berriz: gure ikastetxeetan euskararen ezagutza, erabilera eta kontzientzia areagotzea. Eta aurtengo lema, hauxe izan da:“Familia, eskola eta komunitatearen arteko harreman-esparrua”.
Jakin badakigu, familiarekin eta eskolarekin batera, eskolaz kanpoko eremua (aisialdia, kirola…) funtsezkoa dela haur-gaztetxoen sozializaziorako. Jatorri linguistiko desberdineko ikasleen artean euskarazko sozializazio-gune antolatuak sortzeak, hizkuntza erabiltzeko aukera berriak sortzeaz gain, kohesio soziala ere bultzatzen du. Gune horiek hizkuntza ohitura positiboak indartzen dituzte, segurtasuna ematen diete bai euskara erabiltzen hasten direnei, baita euskara mantentzen dutenei ere.
Hezkuntza-komunitatea osatzen duten eragileen formakuntza, aktibazioa eta elkar eragina garrantzitsuak dira euskararen indarberritzean. Hori dela eta, guraso, irakasle eta aisialdi-hezitzaileek hezkuntza-komunitatearen helburuei erantzuteko dituzten partaidetza moduak aztertu dituzte jardunaldian.
